Testuinguru historikoa

fondo-hormigon-webb-azul

Frantzia II. Mundu Gerran

Hendaia. 1940. Francisco Franco eta Adolf Hitlerren arteko topaketa. Bundesarchiv. Bild 183-R98690.

Frantziara gurutzatzea lortu zuten Espainiako Gerra Zibilaren galtzaileek protagonismoa izan zuten Atlantikoko Harresia eraikitzeko lanetan ere. 

1940ko maiatzean, Alemaniak Blitzkrieg gerra hasi zuen Frantziaren aurka eta horrek, hilabete eskasean aurre egin eta gero, amore eman zuen. Compiègnen sinatutako armistizioaren ondoren, bi esparrutan banatuta gelditu zen Frantzia: Wehrmachtek okupatutako eta kudeatutako esparrua, batetik, eta, bestetik, Pétain mariskalak Vichytik gobernatzen zuen esparru “librea”, Alemaniaren esanetara zegoena zeharo.

Okupazioaren ondorioz, Frantziako ekoizpen-sistema osoa Alemaniako gerra-ekonomiaren beharren eta administrazioaren militarizazioaren menpe jarri zen. Erresistentziako kideen, gobernuaren aurkarien eta juduen errepresiora eta kontzentrazio-esparruetarako deportaziora ere bideratuta zegoen sistema ekonomikoa, bai eta babeserako eraikuntza erraldoiak altxatzeko lanetara ere. Milaka eta milaka atzerritar aritu ziren lanotan, behartuta, tartean espainiar erbesteratuak, eta, 1943tik aurrera, langile frantsesak ere bai.

De Gaulle jeneralak gidatzen zuen okupazioaren aurkako erresistentzia Frantziatik kanpo, eta 1940ko ekainean Frantzia Askeko gobernua aldarrikatu zuen, Londresen. Frantzia barruan ere erresistentzia-mugimendu bat sortu zuten, eta Espainiako erbesteratuek mugimendu horretan parte hartu zuten. 1942an, kanpoko eta barruko erresistentziek bat egin, eta alemaniar okupazioaren eta Vichyko erregimenaren aurkako oposizioa indartu zuten.

Normandiako lehorreratzeak, 1944ko ekainean, Frantziako okupazioaren amaieraren hasiera markatu zuen. Aliatuek iparraldetik aurrera egin ahala, erresistentziako kideak Wehrmachtari jazarri zitzaizkion Frantzia osoan zehar. Espainiako erbesteratuek berebiziko garrantzia izan zuten Pirinioetako departamentuen askapenean. Abuztuan, Parisko herria matxinatu egin zen eta handik gutxira tropa aliatuak sartu ziren hirian, “La Nueve” konpainiako espainiar errepublikazaleak buru zirela.

Paris. 1940. Hitlerren bisita, alemaniar okupazioaren bitartean. Bundesarchiv. Bild 183-H28708.