Gotorlekuen eraikuntza

fondo-hormigon-webb-naranja

Atlantikoko "muga zeharkaezina"-ren eraikuntza

Bundesarchiv. Bild101I-223-0046-16A

1942ko martxoan, Alemaniako armadak Europaren puska handi bat inbaditu ondoren, Hitlerrek inoizko azpiegiturarik handiena eraikitzeko agindu zuen, konkistatutako lurren gaineko kontrola bermatzeko: Atlantikoko Harresia. Bunkerrez, bateria antiaereoz, urpeko basez… osatutako lerro hori Hendaiatik Norvegiako Ipar Lurmuturrera hedatzen zen ia 3.000 kilometroan zehar eta Alemaniaren menpe zegoen Atlantikoko kostaldea “blindatzea” zuen xedetzat.

1943ko uda baino lehen 15.000 gotorleku eraikitzeko agindu zuen Hitlerrek, baina asmo handinahi hark errealitatearekin egin zuen topo. Hitlerrek finkatutako datarako, 8.000 gotorleku pasatxo besterik ez zeuzkaten eraikiak. Eta aliatuak Normandian lehorreratu zirenean, 11.000 pasatxo ziren eraikitako gotorlekuak.

Gotorleku haiek guztiak eraikitzeko asmo itzel hura aurrera eramateko 300.000 langile aritu ziren Frantzian soilik. “Regelbau” sistema erabili zuten horretarako: seiehun mota bunker eta kasamata zeuden eta bakoitzak bere plano-liburua zeukan, eraikuntza-prozesua estandarizatu eta arintzeko. Pirinioak gotortzeko bigarren fasean ere metodologia hori bera erabili zuten.

Blan Nez (Pas-de-Calais). 1942. Lindemann bateriaren inaugurazioa.

Era askotako egiturak eraiki zituzten: artilleria-posizio handiak, tankeen aurkako kanoiak, metrailadoreetarako habiak, hondartzako hesiak, eremu minatuak, etab. Azken horiek Rommel mariskalaren aginduei jarraikiz egin ziren, aliatuen lehorreratzearen aurreko hilabeteetan.