Behartutako lana
Nork eraiki zuen Atlantikoko harresia?
1942tik aurrera, Albert Speer Armamentuaren ministroaren agindupean, Todt erakundea (OT) Alemaniako gerra-ekonomiaren funtsezko zutabea eta Europako enplegu-emaile handiena bihurtu zen. 1,5 milioi langile inguruk —langile behartuak, gerrako presoak edo kontzentrazio-eremuko presoak— lan egiten zuten Todtek bultzatutako lanetan.
Atlantikoko Harresia OTren proiekturik handiena izan zen, eta langileen “armada” multinazional bat mobilizatu zuten eraikuntza-lan horretarako: 300.000 langile, Frantzian bakarrik. Herrialde horretan ingeniari eta langileburu aritu zirenak alemanak, holandarrak eta flandestarrak ziren. 1942 amaiera arte, frantsesek borondatez lan egiten zuten peoi gisa, OTren soldata altuek erakarrita. Baina baziren langile behartuak ere, tartean 80.000 frantses —Derrigorrezko Lan Zerbitzuaren (DLZ) barruan errekrutatuak 1943tik aurrera—, bai eta errusiarrak, poloniarrak, iparrafrikarrak, indotxinarrak eta Espainiako gerra zibiletik ihes egindako errefuxiatuak ere.
1941 eta 1944 artean, Vichyko erregimenak “eremu askeko” zelaietan gatibu hartutako 40.000 “gorri espainiar” deportatu zituen ganaduarentzako trenetan, Atlantikoko Harresia eraikitzeko lanetara. Haietako gehienak itsaspeko baseak eraikitzen aritu ziren, Brest, Lorient, Saint-Nazaire, Arroxela
eta Bordelen. Beste batzuek V1 eta V2 misiletarako plataformak eta bunkerrak eraiki zituzten Mantxako Kanaleko uharteetan. Errusiarrek eta Espainiako errepublikazaleek baldintzarik gogorrenak jasan zituzten OTren lan-esparruetan, eta berdin Frantzia iparraldean preso hartutako Belgikako juduek ere. Hilabete batzuk geroago “heriotza-esparruetara” deportatu zituzten. Ez dakigu zenbat izan ziren Atlantikoko Harresia eraikitzen hil ziren Espainiako errefuxiatuak.




Alemaniarren etsai den jendaila komunista horren arrisku-mailak ez du azalpen handirik eskatzen. Lan-merkatuaren egoera izan da [Frantziako] errepublikazale espainiarrak atxilotu beharrean oraingoz [guretzat lan egiten jartzera] eraman nauena, gertutik zaintzeko, eta soilik diziplinarik ez dutenak edo jokamolde politikoki arriskutsua dutenak deportatzen ditugu [kontzentrazio-]eremuetara.
Reinhard Heydrich, 1941eko ekaina.
Alemanian lanean aritu ziren bost milioi langile atzerritarretatik, ez ziren 200.000ra iristen borondatez etorritakoak.
Fritz Sauckel.
Behartutako lana
- Nork eraiki zituen Pirinioetako gotorlekuak?
- Nork eraiki zuen Atlantikoko harresia?
- Muturreko baldintzetan egindako Lana
- Etsipena eta erresistentzia, iziplina-erregimenaren aurrean
- Lan behartuaren geografia zabala
- Vicente Gasulla-Solé
- Erbestetik lan behartura
- Marce Melgar: Argazkiak eta elkartasuna
- Elkartasun sareak ehuntzen
