Behartutako lana

fondo-hormigon-trabajos-forzados

Muturreko baldintzetan egindako Lana

Pirinioetako gotorlekuak eta errepideak eraiki zituzten langile gehienek oso bizi-baldintza latzak jasaten zituzten: mendiko klima, lan-, higiene- eta osasun-baldintza txarrak, janari kaskarra, kanpin-dendetan eta barrakoietan lo egin beharra… Egunero miseria kudeatzen jardun beharra zekarren bizimodu hark.

Han egurra baino ez zegoen, ogi gutxi, baina egurra franko.
Antonio Viedma. 6. BDST, Igari (Nafarroa).

Errenteria – Oiartzun – Lezo (Gipuzkoa). 1941-1942. Rantxoaren banaketa. Soldadu Langileen 38. Diziplina Batailoia. Centro Documental del Socialismo Vasco. Colección Luis Ortiz Alfau. ES.48020.ASV.ILOA/3.0.1//007 y ES.48020.ASV.ILOA/3.0.1//006.

Gatibuek muturreko egoerak bizitzen zituzten, jatekoa eta berokiak oso urriak zirelako. Agintari militarrek eman behar zizkieten halakoak, bereziki kontzentrazio-eremuetakoek, horien mende baitzeuden lan behartuko batailoiak. Gainera, langileek jaso zezaketen diru-soberakina ez zen nahikoa janari gehiago erosteko edo jasaten zituzten bizi-baldintza latzak hobetzeko, zigiluak, tabakoa edo ardo pixka bat erosteko baino ez baitzitzaien iristen.

Soldadu Langileen 38. Diziplina Batailoian (…) hurrena Bidankozera eraman gintuzten, errepide bat egitera. (…) Egun asko eman genituen jan gabe eta beste egun asko platano bat eta ogi-mutur bat besterik ez genuela. (…) Lanaldia zortzi ordukoa zen, baina zigortzen gintuztenean haiek aspertu arte edukitzen gintuzten lanean. (…) Handik Igari izeneko beste herri batera joan ginen. Herri hartan andaluziarren batailoi bat zegoen (…) Barrakoietan sartu ginenean ezin nazkagarriago zeuden. Ikusten zen gu baino pilatuago eta gosetuago eduki zituztela aurrekoak. Izpiritua galdu zuten, bizian hilda zeuden zeharo.
Félix Padín Gallo. 38. BDSTarekin Igarin (Nafarroa) jardundako presoa.

Atlantikoko Harresiko lanetan, Kanaleko uharteen gotortzea zen lanik gogorrenetakoa. Lanaldi akigarriak, goseteak, zigorrak eta exekuzioak eguneroko ogia ziren langile behartuen bizimoduan. Ehunka langile hil ziren alemanek Frantziako Atlantikoko kostaldean altxatu zituzten bost itsaspeko baseak eraikitzen.

Lagerrean espainiarrak baino ez ginen, 2.000 inguru. Jendarmeak geneuzkan zaindari, eta lanerako bidean, OTko kide armatuak. Hamabi orduko lanaldiak egiten genituen. Lau hilean atseden-egun bakarra izan nuen. Ez nuen soldatarik jasotzen, noizean behin diru pixka bat ematen ziguten, baina merkatu beltzean jaki gutxi batzuk erosteko besterik ez zitzaigun iristen. Ez ziguten gutunik idazten uzten, ezta gutunik edo paketerik jasotzen ere. Bestela ere, nire senideek ezin izango zidaten ezer bidali, ez baitzekiten non nengoen. Zaplaztekoak eta ostikadak jotzen zizkiguten eta joko krudel eta zentzugabe batean jokatzera behartzen gintuzten: aurrerantz erortzeko agintzen ziguten, besoak gorputzera pega-pega eginda, eta soilik aurpegiarekin lurraren kontra jotzeko zorian geundenean uzten ziguten aurpegia eskuekin babesten. Lehenago babestuz gero, berriro botatzera behartzen gintuzten. Jerseyn jasotako tratu txarra askoz gogorragoa izan zen. Espainiako burkide baten ihesaldiaz gogoratzen naiz: azkenean harrapatu egin zuten, eta Alemaniako eremu batera bidali.
José Barros. Erbesteratu errepublikazalea.
Arroxelako urpeko basean eta Jersey uhartean lan egin zuen.

Prisioneros del Batallón Disciplinario de Soldados Trabajadores 38 en barracones de Aritxulegi (Gipuzkoa). 1941-1942.
Memoriaren Bideak, Antonio Ansoleaga
Aritxulegiko barrakoietako Soldadu Langileen 38. diziplina-batailoiko presoak (Gipuzkoa). 1941-1942. Memoriaren Bideak, Antonio Ansoleaga.
Jersey (îles Anglo-Normandes). Année inconnue.
Budesarchiv. Bild 101II-MW-5144-29. 
Budesarchiv. Bild 101II-MW-5144-29.
Jersey (Kanaleko Uharteak). Urte ezezaguna. Bundesarchiv. Bild 101II-MW-5144-29.