Testuinguru historikoa

fondo-hormigon-webb-azul

“Espainia Berriaren”
sorkuntza eta inposizioa

Port Bou (Girona). 1939. Errefuxiatu errepublikazaleak. BNE, Biblioteca Digital Hispánica. GC-CAJA/114/12/1.
Irun (Gipuzkoa). 1938. Preso errepublikazaleak formazioan. BNE, Biblioteca Digital Hispánica. GC-CAJA/85/5/4.

Faxismoek bultzatutako militarismoa eta Espainiako Gerra Zibileko galtzaileen aurkako zigorrak eta errepresioa daude Pirinioetako mugak eta Atlantikoko babes-lerroak gotortzeko eraikuntzen jatorrian eta muinean.

1936ko uztailaren 18an, militar eta milizia karlista eta falangistek —banku handien, nekazaritzako lurjabe handien, goi-burgesiaren eta Elizako zenbait sektoreren babesarekin— estatu kolpea jo zuten Espainiako II. Errepublikako gobernu legitimoaren aurka. Fronte Popularraren esku zegoen gobernua. Armadaren, herriko sektoreen eta antolakunde sindikal eta politikoen zati batek gogor egin zuen altxamendu militarraren aurka. Horrela, gerra zibil odoltsua hasi zen, 1939ko apirilaren 1era arte iraungo zuena.

 

Iruña (Nafarroa). 1937. Nafarroako Brigaden omenezko desfilea. BNE, Biblioteca Digital Hispánica. GC-CAJA/96/2/32.

Matxinatuek gobernua bota nahi zuten, baina ez hori bakarrik: militarismoarekin, Falangearen ideia faxistekin eta karlisten eta sektore kontserbadoreen nazional-katolizismoarekin bat egiten zuen diskurtso ideologiko batean babestuta, inoiz ikusi gabeko garbiketa politikoari ekin zioten, estatu-kolpea prestatzeko garaian aurreikusita zeukaten moduan, eta gizarteko alderdi askoren babesarekin. Etsaiak “horda gorri” edo “Espainiaren aurkako” gisa aurkeztuta, gizatasuna bera ukatu zieten eta hamarnaka mila funtzionario eta militante publikoren erailketa sistematikoa eta gainerakoen zigorra justifikatu zuten horrela, matxinatuek odolez eta garrez eraiki nahi zuten “Espainia Berrian” onartuak izateko “berreziketa”-prozesua bultzatzeko.

Nazioarteko testuinguruak pisu handia izan zuen gerra zibilaren garapenean. Italiako, Alemaniako eta Portugalgo erregimen faxistek, Frantziaren, Erresuma Batuaren eta Europako gainerako herrialdeen pasibotasun konplizearekin, armak eta soldaduak bidali zizkieten matxinatuei, Ez Esku Hartzeko Hitzarmena delakoari bizkarra emanda. Espainiar Errepublikari armak bidaltzen zizkion bakarra Sobietar Batasuna zen eta, horrez gain, Nazioarteko Brigadetako boluntarioen laguntza ere bazeukan.

Belchite (Zaragoza). 1938. Yagüe jenerala Francoren aurrean soldaduei hitz egiten. BNE, Biblioteca Digital Hispánica. GC-CAJA/115/2/6.

500.000 lagun baino gehiago hil ziren gudu-zelaian, gaixotasunak eta goseak jota edo atzeguardian exekutatuak (140.000, estatu-kolpearen aldeko esparruan, eta 50.000, errepublikaren aldekoan). Ehunka mila pertsona atxilotu eta giltzapetu zituzten, eta espetxe eta kontzentrazio-esparruetara eraman. Horietako asko gatibu-langile aritu ziren Pirinioetako gotorlekuak eraikitzen. Gerra zibilaren amaieran, 450.000 errepublikazalek Frantzian hartu zuten babesa eta Francoren errepresalietatik ihes egindako milaka antifaxista haiek Hitlerren diktaduraren jazarpena jasan zuten 1940tik aurrera.

Madrid. 1939. Facultad de Filosofía y Letras tras los bombardeos franquistas. BNE, Biblioteca Digital Hispánica. GC-CARP/76/1/4.
Madril. 1939. Filosofia eta Letren Fakultatea frankistek bonbardatu ondoren. BNE, Biblioteca Digital Hispánica. GC-CARP/76/1/4.
Bizkaia. 1938. BNE, Biblioteca Digital Hispánica. GC-CAJA/113C/1/7.