Testuinguru historikoa
Faxismoak denen aurka: Blindatzea estrategia gisa

I. Mundu Gerrako esperientzia beldurgarriaren ondoren, Europak demokrazian eta bake iraunkorrean oinarritutako etorkizun batean jarria zeukan itxaropena, baina ordena berri hori amets hutsa zela ikusi zen berehala. Gerra amaitu eta urte gutxira, erregimen autoritarioak iritsi ziren boterera, eta errebantxa-gosea bolo-bolo hedatu zen. Benetako edo asmatutako etsaietatik babesteko, babes-egiturak eraiki zituzten Europa osoan.
Frantziak “Maginot lerroa” sortu zuen, alemaniarren inbasioetatik babesteko. Sobietar Batasunak, bestalde, “Stalin lerroa” eraiki zuen, munduko lehenbiziko herrialde sozialista mendebaldeko potentzien balizko eraso batetik babesteko. Alemania, Suitza, Luxenburgo, Herbehereak, Txekoslovakia, Belgika, Grezia, Suedia eta Finlandiak ere defentsa-lerroak eraiki zituzten beren mugetan 1930eko hamarkadan zehar.
Mugen gotortze eta blindatze horren bidez lortu nahi zutena ez zen kanpo-etsaietatik babestea soilik: bazen helburu ideologiko bat ere, eta helburu hori areagotu egin zen gerra arteko urteetan (1918-1939), ideologia faxistak indartu eta boterera iritsi zirenean, Mussoliniren eskutik Italian eta Hitlerren eskutik Alemanian.
II. Mundu Gerra piztean, eraikuntza haiek inoiz baino garrantzitsuagoak bihurtu ziren. “Hitlerren Europa” osoan zehar, alemanek azpiegitura ugari eraiki zituzten, Wehrmachtek konkistatutako eremuen gaineko kontrola ziurtatzeko.
Horrela, ideologia faxistak gatazka, gerra eta indarkeria bultzatu zituen Europan barrena, bere helburuak lortzeko tresna gisa. Ongi gorentzat zeuzkaten helburuok.
Espainian ere, Frankoren erregimenak babes-egiturak eraikiarazi zituen Pirinioetan zehar eta beste muga batzuetan (Gibraltarren eta Marokoko Protektoratuan, esate baterako), kasu horretan herrialdearen isolamendua defendatzeko.
Espainia kontzeptu totalitario zabal baten barruan antolatzen da, bere osotasuna, batasuna eta jarraitasuna bermatzen duten erakunde nazionalen bidez.
Francisco Francoren hitzaldia Burgosen, Radio Castillako mikrofonoen aurrean. 1936ko urria.
Gerrak soilik eramaten ditu giza energia guztiak tentsio-puntu gorenera eta soilik gerrari aurre egiteko ausardia duten herriak hartzen dira nobletzat.
Enciclopedia Italiana pubblica 1932. XIV. liburukia. Faxismoa sarrera

