Gotorlekuen eraikuntza

fondo-hormigon-webb-naranja

Pirinioetako “muga zeharkaezina”-ren eraikuntza

Espainiako Gerra Zibila hasi zenetik, matxinoak Frantziako muga kontrolatu nahian zeuden, eta soldaduak eta Falangeko eta Erreketeko miliziak hantxe zebiltzan, mugako pasabideak eta muga bera patruilatzen. Pirinioen alde bietan hamarkada luzez iraungo zuen presentzia militarrari hasiera eman zioten, horrela.

Pirinioak gainditu ezineko hesi bihurtu nahi zituen erregimen berriak, eta ehunka gotorleku eraiki zituen inguru hartako haran eta mendi-hegaletan, “Espainia Berria” Frantziatik irits zitezkeen inbasioetatik babesteko.

Gotortzea bi fase handitan egin zen. Lehenengoan (Pirinioetako mugaren babesaren antolakuntza) Euskal Herriko eta Kataluniako Pirinioetako mugak gotortu zituzten, 1939an. 1944tik aurrera, bigarren faseari ekin zioten (Pirinioen babesaren antolakuntza), eta Pirinio osora zabaldu zituzten gotortze-lanak. Ardatzaren aurkako Aliatuek gerra irabazi eta mundu-gerra amaitzearekin batera, bizkortu egin ziren bigarren fase horretako lanak eta 1958 urtera arte luzatu ziren.

Babesa 169 erresistentzia-zentroren (EZ) bidez egituratuta zegoen, Kantauri itsasotik Mediterraneoraino, ia 500 kilometroan zehar. Gipuzkoan eta Nafarroan, adibidez, 1.836 bunker eraiki zituzten (hasiera batean aurreikusitako 2.884etatik) eta Katalunian, 2.853 (5.800 aurreikusi zituzten).

Gotortze-egitasmoaren oinarrizko elementuetako bat errepideak eta mendiko pistak ziren. Bide horiek eraikita Pirinioetako haranak lotu nahi zituzten, ekialdetik mendebaldera, bunker, behatoki, aterpetxe, kuartel eta abarretarako sarbidea erraztearren.

Plano tipoa. Metrailadorearen habia, gasaren aurkako gailuarekin.