Gotorlekuen eraikuntza
Ekimen publikoa, irabazi pribatuak

Gotortze-lan haiek guztiak plangintza publikoarekin egiten ziren, baina, aldi berean, irabazi pribatuak oso oparoak ziren.

Pirinioen gotortzearen kasuan, armada bera arduratzen zen lanak planifikatu, garatu eta zuzentzeaz. Baina horrekin batera, ustelkeriak eta influentzia-trafikoak irabazi partikular handiak uzten zizkieten enpresa hornitzaileei eta armadako ofizialei. Haietako askok soldadu eta presoei zuzendutako elikagaiak merkatu beltzera bideratzen zituzten, beren poltsikoak aberasteko. Bestalde, enpresa hornitzaileak arreta handiz aukeratzen zituzten eta erregimenaren aldekoak zirenei ematen zizkieten kontratu gehienak.
Atlantikoko Harresiaren kasuan, Todt erakundeak (OT) oso paper garrantzitsua jokatu zuen. Ingeniaritza militarreko erakunde bat da, erregimen naziak III. Reich-erako azpiegitura estrategikoak eraikitzeko 1938an sortua. Unitate paramilitar hori Fritz Todt ingeniariak zuzendu zuen hasieran eta Albert Speer arkitektoak geroago. Armada alemanari “Hitlerren Europa”-ko fronte guztietan laguntzeaz arduratzen zen.
OTk gotorlekuak eraiki zituen Kanaleko uharteetan, errepideak Sobietar Batasunean, trenbideak Norvegian, bonben aurkako 10.000 aterpe Alemaniako hirietan, lurpeko arma-fabrikak eta beste azpiegitura estrategiko asko eta asko.
Bere proiektu garrantzitsuenak Frantzia okupatuan eraiki zituen. Alemaniako eta Frantziako enpresen arteko lankidetzan oinarrituta, itsaspekoentzako sei base, itsasontzientzako babeslekuak, Atlantikoko Harresiko milaka bunker eta misilak jaurtitzeko baseak eraiki zituen OTk.

Erromatarren garaiaz geroztik, inoizko eraikuntza-programarik txundigarriena gauzatu du Todt erakundeak bost urte pasatxoan. Eraikuntzaren alorrean sekula ikusi gabeko estandarizazio- eta arrazionalizazio-metodoak garatu ditu.
Britainiar armadaren inteligentzia-zerbitzuen OTri buruzko eskuliburua, 1945eko martxoa.
