Gotorlekuen eraikuntza
Muga iragazkorra

Bunkerrak, pistak, metrailadore-habiak, behaketa-postuak… Nahiz eta material eta giza baliabide anitz xahutu Pirinioak gotortzeko, mugak, beti bezala, iragazkorra izaten jarraitu zuen.
Gerratik eta errepresiotik ihesi zihoazen pertsonen fluxu geldigaitza gehitu zitzaion ohiko kontrabandoari, askotan ibilbide berak eta, batzuetan, gidari berak zituztela. 1939ra arte, antifrankistak ziren mugaren beste aldean babesa bilatzen zutenak; baina naziek Frantzia okupatu ostean, aldatu egin zen jendearen joan-etorrien noranzkoa. Muga zeharkatzen zuten Europa osoko judu errefuxiatuek, itsasontziz Amerikara joateko Lisboara heltzea helburu zutenek, Alemanian Nahitaezko Lan Zerbitzua egitearen aurka zeuden gazte frantsesek, Belgikan edo Frantzian lurrera botatako hegazkinlari aliatuek, Erresuma Batura itzultzea nahi zutenek… Horiek guztiek ez zuten harresi bat ikusten Pirinioetan, irrikaz lortu nahi zuten askatasunerako atea baizik.
1944ko urriaren hasieran, Frantziaren askapenean parte hartu zuten Espainiar Gerrillari Taldeko ehunka kidek igaro zuten muga Luzaidetik eta Erronkaritik. Espainiar Batasun Nazionalak bultzaturiko eta Jesús Monzón nafar komunista buru zuen “Espainiako Errekonkista Operazioa”-ren hasiera izan zen. Horren gorengo unea Arango haraneko erasoa izan zen. Horren helburua Errepublika berrezartzea izan zen, eta aliatuen aitortza eta laguntza lortzea, Espainia askatzeko borrokarekin jarraitzeko.
Gerrillariek aurka egin zieten Pirinioetako gotorlekuetan zabaldutako ejertzito frankistako 50.000 soldaduei. Bi alderdien arteko alde handiaren ondorioz, errepublikarrek ehunka baja izan zituzten. Europako demokrazien aldetik laguntzarik jaso ez zutenez, porrota are latzagoa izan zen. Espainia faxismoaren atzaparretatik askatzeko ametsa betiko galdu zen. Asko ez ziren inoiz aberrira itzuli.
II. Mundu Gerra amaitutakoan, Pirinioak gotortzeko lanek aurrera jarraitu zuten, nahiz eta atzerriko mehatxua gero eta ahulagoa izan, diktadura frankistak bere lekua aurkitu baitzuen Gerra Hotzeko Europan. Halere, basoetan ezkutatutako bunker horietatik hurbil, ezkutuan muga zeharkatzen jarraitu zuten, sare klandestinoen laguntzarekin, antifrankistek, kontrabandistek eta, hirurogeita hamarreko hamarkadan, Portugaldik zetozen emigranteek, bizitza hobe baten bila eta Afrikako gerra kolonialetatik ihesi Frantziara heldu nahi zutenek.
