Behartutako lana
Elkartasun sareak ehuntzen

Gotorlekuak eraikitzen lan egiten zutenen egoera latzari aurre egiteko elkartasun-ekimen ugari sortu zen, bai familia-loturei jarraikiz, bai arrazoi humanitario eta ideologikoak zirela eta. Ekimen haietan langileen familiek parte hartzen zuten, baina baita inguruko herrietako biztanleek ere. Eta emakumeak ziren elkartasun-agerraldi haien protagonista asko. Pirinioetan lanean ari ziren guerra-presoen kasuan, haien senideek ahalegin handiak egiten zituzten janaria bidaltzeko eta bisitan joateko. Inguruko herrietako familiek jatekoa eramaten eta arropak garbitzen zizkieten. Gatibuek, goseak amorratzen, inguruko baratze eta ukuiluetan lapurtzen zutenean, herriko jendeak militarren aurrean salatzen zituzten batzuetan, baina ez denek.
Babiloni izeneko kanpalekuaren aurrean bazen baserri bat, adineko emakume batek uzten ziguna. Semeak gu bezala zeuzkan emakumeak eta gu ahal genuen guztia lapurtzera joaten ginen hara, artoa eta. Eta nik esaten nion: “Ez al zara kexatuko?”. “Nola kexatuko naiz bada, koitaduok, semeak zeuek bezala dauzkat eta!”.
Félix Padín, Oiartzunen (Gipuzkoa) egindako gatibualdiari buruz.
Langile-batailoietako gerra-preso batzuen eta eskoltako soldadu batzuen ihesaldiari buruzko hilaren 9ko eta 876. zk.-ko nire ofizioari jarraikiz, berorri zera jakinarazteko ohorea dut: Frantziatik iritsitako informazioaren arabera, desertoreak Erbauryko Gendarmoteen Guardia Mugikorren postura agertu direla (Ibardinetik hiru kilometro ingurura), eta inongo zalantzarik gabe iritsi direla hara. Horrek erakusten du muga inguruan bizi den norbaitek lagundu diela.
Espainia. Defentsa Ministerioa. Avilako Artxibo Militar Nagusia (AGMAV). C. 3572, 169.

Atlantikoko kostaldean bunkerrak eraikitzen ari ziren espainiar erbesteratuak, bestalde, senideengandik urrun eta isolatuta zeuden eta, beraz, elkar babesten eta laguntzen zuten, faxismoa berehala bukatu eta laster batean familiarengana itzuli ahal izango ziren itxaropenez.
Hesiaren atzean, han inguruko errepide batean, gizon-emakume libre eta garbiak ikusten genituen, ederki jantzita. Han ondoko hegazkin-fabrika batean sartzen eta handik irteten ziren, zaintzaile bati pase bat erakutsita. Barrutik begiratuta, txarrantxaren alde honetatik, pentsatzen genuen beren etxea izango zutela, beren familiarekin egoten zirela etxeko epelean, eta burdin hesiaren beste aldean dagoenarentzat askatasuna irudikatzen zuten mila eta bat irudi ibiltzen genituen gogoan.
Bordeleko itsaspeko base alemana eraikitzen lan egin zuen
erbesteratu espainiar baten memoria.
Behartutako lana
- Nork eraiki zituen Pirinioetako gotorlekuak?
- Nork eraiki zuen Atlantikoko harresia?
- Muturreko baldintzetan egindako Lana
- Etsipena eta erresistentzia, diziplina-erregimenaren aurrean
- Lan behartuaren geografia zabala
- Vicente Gasulla-Solé
- Erbestetik lan behartura
- Marce Melgar: Argazkiak eta elkartasuna
- Elkartasun sareak ehuntzen
