Memoria politikak
Atlantikoko Harresia, Frantziaren umiliazioaren oroigarri iraunkorra


Frantzian, II. Mundu Gerraren traumak hamarkada luzez iraun zuen. Okupatzaile alemaniarrekiko elkarlana eta juduen deportazioan Vichyko gobernuak izandako parte-hartze aktiboa errealitate mingarriegiak dira eta isilpean gordetzen dira zeharo. Belaunaldi berriak tabu horiek hausten hasi dira pixkanaka, eta garai historiko zail bezain garrantzitsu harekiko jakin-mina etengabe hazi da azken urteotan. Luzaroan Atlantikoko Harresiko bunkerrei jaramonik egin ez eta gero, Frantziako okupazio alemaniarraren oroimen-gune garrantzitsuak dira gaur egun.
Hala ere, atzerriko (Errusiako, Magrebeko edota Espainiako) langile behartuen bizipenek itzalpean jarraitzen dute oraindik. Atlantikoko kostalde osoan zehar barreiatuta dauden OTren ehunka lan-esparruetan ez dago langile haiek bizitakoa oroitzeko plaka bakar bat ere.
Atlantikoko Harresiak hormigoizko aztarna ugari utzi ditu kostalde osoan, Dunkerquetik Hendaiaraino. Egitura horiek nazismoaren oroimenezko hileta-monumentuak ematen dute, "gerra erabatekoaren" proiektu itzelaren mausoleo moduko bat. Baina atzerriko armada baten inbasioaren lekukoak dira batez ere, Frantziak jasandako umiliazioaren lekukoak. Harresiaren aztarna horiek krimen baten eszena bailiran gorde eta zaindu dira: oraindik orbaindu gabeko oroitzapenak ezkutatzen dituzte. Egitura haien itzalek mehatxugarri izaten jarraitzen dute eta gure iraganarekin zer egin dugun galdetzen digute. Zergatik? Bada luzaroan, denbora luzeegian, ez dugulako benetan jakin nahi izan.
Jêrome Prieur, Le mur de l´Atlantique. Monument de la Collaboration, 2010.
Atlantikoko Harresiko langile espainiarrak: justizia, oroimena eta ahanztura
